Edukira joan

Amaiurko gaztelua

Koordenatuak: 43°12′N 1°29′W / 43.2°N 1.48°W / 43.2; -1.48
Wikipedia, Entziklopedia askea
Amaiurko gaztelua
Amaiurko gaztelua airetik.
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaBaztan
Koordenatuak43°12′N 1°29′W / 43.2°N 1.48°W / 43.2; -1.48
Map
Historia eta erabilera
Amaiurko gazteluaren setioa
Arkitektura

Amaiurko gaztelua antzina Baztan udalerriko (Nafarroa Garaia) Amaiur herrian zegoen gaztelua zen. Gaur egun, Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik, eta amaiurtarren laguntza estimagarriaz, 2006etik gaur arteko indusketa-aldi arkeologiko sistematikoei esker aztarnak agertu dira.[1] Ez da ziurra noiz eraiki zen, baina jakina da 1191. urterako jada bazuela gazteluzaina.

Erdi Aroan, haren zeregin nagusia Iruñetik Baionara zihoazen merkatariei zerga kobratzea zen. Dena dela, nafarrek Gaztelako Erresumaren aurrean eginiko azken erresistentziagatik datorkio garrantzia, lau mende geroago Lauaxeta olerkariak bere "Amayur gaztelu baltza" olerkian bildu zuena.

Bost erakundek bultzatu eta finantzatu indusketa lanen sarrerako kartela Amaiurren, garai bateko gaztelua irudikatzen duena

1512an gaztelar-aragoitarrek gaztelua okupatu zuten nafarrengandik. Hurrengo hamarkadan, hainbat aldaketa egin zizkioten gazteluari, areago gotortuz, Errenazimentuko gerra tekniketara egokitzeko. Harresi gehigarri bat eraiki zuten posizioa sendotzeko. 1521eko urriaren 12an, bertan gotortutako gaztelarrek amore eman zuten nafar legitimisten aurrean. Hala ere, Karlos V.aren indar inperialen kontraerasoaren aurrean, nafar indar gehiago metatu ziren bertan: 1522ko uztailaren 15ean, Iruñetik abiatutako 7.000 gerlariko espedizio espainiarrak setioa jarri zion gazteluari.

Bake garaian, posizioak hamazortzi gerlariko garnizioa izaten zuen, baina ordurako, 200 nafar gerlari inguru elkartu ziren Amaiurren posizioa babesteko. Setioak astebete iraun zuen, baina erresistentzia alferrikakoa zen, indarren arteko aldea militarki handiegia baitzen. Nafarrak 1522ko uztailaren 19an errenditu ziren, Mirandako kondearen aurrean. Abuztu hasieran, indar okupatzaileek gaztelua zartarazi zuten nafar legitimistek berriz erabil ez zezaten. Bertako hondarrak, harri eta material gehienak, berrerabili egin ziren beste eraikin batzuetan. Harrezkero, aztarnak baizik ez dira geratu.

Amaiurko monumentu edo monolitoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Amaiurko monolitoa»

1922ko ekainaren 30ean Amaiurko gaztelua zegoen tokian monolito bat inauguratu zen. Egilea Serapio Esparza arkitektoa izan zen, Amaiurko gazteluaren setioan defendatu zuten nafarren omenez.[2] Egungo monolitoa 1982koa da. Inskripzioak bi hizkuntzatan ditu, euskaraz eta gaztelaniaz.

Erresistentziako kide ezezagunari monumentua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erresistentziako kide ezezagunari monumentua

Gaztelua mendiaren ondoan, gotorlekua zegoen tokian, 2007ko uztailaren 21ean Pello Iraizozek eginiko Erresistentziako kide ezezagunari monumentua inauguratu zuten. Baztango harri gorriz eginda, inskripzio hau du: "Pro libertate patria, gens libera state", hau da, Nafarroako Infantzoien lema eta goialdean, aurrena Antso VII.a Azkarrak eta gero iloba Tibalt I.ak ikur gisan erabilitako sinboloa. Behealdean, Nafarroako erregeen irudiak daude, numismatikatik hartuak.[3][4]

Indusketa lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Amaiurko gazteluaren aireko ikuspegia drone bidez

Indusketa-lanak 2006ko abuztuaren 1ean hasi ziren [5] Juantxo Agirre Mauleon arkeologoa, Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusiaren zuzendaritzapean.[6] Urtero abuztuaren lehen hamabostaldian egiten dira. Horiei esker, alde batetik, Amaiurko monolito edo oroitharriaren azpian gaztelua bera eta bere egitura eta osagaiak ezagutu ahal izan dira. Horietako zenbait azaleratu dira dagoeneko. Bestetik, material ugari topatu da: ezpatak, geziak, kanoi bolak, platerak... [1] [7]

Honen guztiaren ondorioz, erakusketak antolatu dira eta Amaiurko gaztelua irudikatzen duten maketa eta erreplikak egin ditu 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenak.[8]

2022rako lan guztiak bukatzeko asmoa dago data horrek bat egiten baitu 500 urte gaztelarrek Amaiurko Gaztelua konkistatu zutenetik eta 100 urte lehenbiziko oroitharria jarri zutenetik.[9]

2021eko abuztuan arkeologia zentroa-museoa ireki zen, bertan daude indusketetan aurkitutako zenbait pieza eta Amaiurko Gazteluaren historiaren laburpena.

Literatura eta musika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1930eko hamarkadan, Lauaxeta poetak gertakari horri buruzko Amayur gaztelu baltza olerkia idatzi zuen eta 1978an, Antton Valverde musikariak poema hori abesti bilakatu.

Gaztelura bertaratzeko ohiko bidea Amaiurko herriguneko Kale Nagusia igaro eta Pilareko Amaren baseliza dagoen kokalekuan hasten den bidezidorrean muinoan goruntz abiatzen da.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Herriko Wikiatlasa